| Sumario: | Gida honetan proposamen bat aurkeztuko dugu. Unibertsitateen antolamendua aldatu, eta kultura errestauratibo baterantz joan nahi dugu eta, horretarako, Espainiako errealitate akademiko eta soziala hartuko dugu aintzat. Gure iritziz, gatazkak egoki kudeatuz hazten eta sendotzen da gizartea, eta uste hori dago gure proposamenaren abiapuntuan. Kultura errestauratibo horrek guk sortzen dugun kaltearen erantzukizunari heltzen dio, eta, «kaltea egiten duenak kaltea ordaindu behar du» printzipio ezaguna baino askoz ere eraikitzaileagoa den beste honetarantz eramaten gaitu: «kaltea egiten duenak kaltea erreparatu behar du». Era berean, kultura errestauratiboak begirada zabaltzen du, zenbait fasetan lantzen baitu gatazka: probentzioaren fasean —gatazka bati aurre egiteko zer prestatu dezakegun, neurriz igo eta gainezka eginen digun krisi bat piztu baino lehen—, fase errespontsiboan —gatazkaren bitartean eta ondoren erantzun errestauratiboak ematea— eta ondoren egin beharreko jarduera berrintegratzaileetan. Gida honek lagundu egin nahi die unibertsitateei Espainiako Unibertsitateetako Bizikidetzari buruzko otsailaren 24ko 3/2022 Legea betetzeko hartu behar dituzten erabakietan. Hain zuzen ere, lege horren bidez indargabetu zen 1954ko diziplinaaraudia, diktaduran sortutakoa. Lege berriak, bitartekaritza erabiltzea eta zigorraren ordez beste neurri batzuk baliatzea proposatzen duenez, atea irekitzen dio ikuspegi errestauratiboa abian jartzeari. Biktimak eta arau-hausleak modu osagarrian artatzeko aukera zabaltzen du, batez ere instituzionalki aitortu gabeko asimetria morala duten gatazketan. Gidaren edukia hamar kapitulutan egituratuta dago: Espainiako unibertsitateek gaur egun duten erronkari testuingurua ematen dion sarrera; Espainiako eta nazioarteko hezkuntza-ereduetan dauden aurrekari errestauratiboen azalpena; proposatutako eredua funtsatzen duten justizia errestauratiboen oinarrien deskribapen laburra; ikuspegi errestauratiboaren kokapen juridikoa Espainiako 3/2022 Bizikidetza Legearen esparruan; ikuspegi errestauratiboa modu transbertsalean ezartzeko proposamen zehatza, bere DNA instituzionalean kultura errestauratibo berri bat txertatu nahi duen unibertsitate batean, ekintza-mailak eta bi tresna espezifiko deskribatuz: Kultura Errestauratiboaren Plan Zuzentzailea (CURE) eta Gatazka Errestauratiboki Lantzeko Programa (ARCO); praktika eta prozesu errestauratiboen errepertorioa, abordatze-mailen arabera sailkatuta; Kultura Errestauratiboaren Plan Zuzentzailerako ehun adierazleren zerrenda; bibliografia zabala; azaldutakoan sakontzeko baliabideen zerrenda interesgarria; eta unibertsitateko komunitateari gonbidapena, elkarrizketari eusteko
|